Información sobre la salud y noticias de salud


Euskadik ‘infartu kodea’ aktibatu du

Por el 30/11/2015
Jon-Darpon-Consejero

Euskadik ST segmentuaren igoera duen Miokardioko Infartu Akutua (MIA) artatzeko protokolo bat abiarazi du. Laguntza-protokolo bat da, hain zuzen, ST igoera duen miokardio-infartuak jotako pazienteak artatzeko. Helburu nagusia hau da: jardute denborak gutxitzea eta, ondorioz, pazienteen morbimortalitatea gutxitzea eta bizi-itxaropena hobetzea.

Lehen aldiz, dokumentu bakarrean zehaztu dute jarduera koordinatua, eta, horri esker, koordinatuta jardungo dute Euskadin gaitz mota horretarako dauden baliabide guztiek; bestalde, argiro ezarri dira bide klinikoa, jarraibideak eta jardute-prozedurak.

Hala, teknologia maila desberdinak dituzten ospitaleak konektatuta egongo dira, ospitalez aurreko arreta-sistema efiziente baten bidez, baita garraioari dagokionez ere; izan ere, arreta hoberena eman nahi da, atzerapenak minimizatuta, emaitza kliniko onena lortzeari begira.

Miokardioko Infartu Akutua (MIA) kardiopatia iskemikoaren zeinu bat da, eta heriotza-tasa larria eragiten du.Euskadin, zuzeneko lotura du heriotzen % 10arekin gutxi gorabehera. Harexek eragiten du, hain justu, heriotza-tasarik handiena gaixotasun kardiobaskularren barruan. Urtero, 1.500 eta 2.000 paziente artean jartzen dira Osakidetzarekin harremanetan miokardio-infartu akutua dela eta.

Hala jakinarazi du gaur goizean Osasuneko sailburu Jon Darpónek, prentsaurreko batean. Harekin batera izan dira protokoloa prestatzen parte-hartu duten hiru sendagile: José Ramón Rumoroso doktorea, Galdakao-Usansolo Ospitaleko Kardiologia-Hemodinamika atalburua,  Ángel Loma-Osorio doktorea, Arabako Unibertsitate Ospitaleko Kardiopatia Akutuen Unitateko kardiologoa, eta Miren Tellería, Donostia Unibertsitate Ospitaleko Hemodinamika Unitateko kardiologoa, Osasun Sailak eta Osakidetzak infartua artatzeko eratutako Bihotzez euskal laguntza-sarearen kideak bi-biak.

Osasuneko sailburu Jon Darpónek azaldu du Euskadi osorako jardute-protokolo integratu eta bakarra dela, eta baliabide guztien koordinazioa, jardunbide klinikoko gidaliburuak eta ebidentzia zientifikoa dituela oinarrian. Izan ere, ebidentziak egiaztatu duenez, tratamendua aplikatzeko denborak gutxituta, pazienteen konplikazioak ere gutxitzen dira, eta biziraute-indizeak handitzen.

Osasuneko sailburuaren hitzetan, protokolo berriak, Osasun Sailaren eta Osakidetzaren helburu estrategikoekin bat etorririk, arreta-katearen parte diren eragile guztien arteko koordinazioa du xede, tratamendua aplikatzeko denbora murriztuta heriotza-arriskua eta infartuaren tamaina ere murrizteko.  Orobat, ahalik eta tratamendu onena modu ekitatiboan eskuratzea bermatzen eta jardunbideen aldakortasuna saihesten lagunduko du. Nabarmendu duenez, zalantzarik ez da heriotza-tasari dagokionez emaitza hobeak emango dituela.

 

You must be logged in to post a comment Login

Este sitio web utiliza cookies para que usted tenga la mejor experiencia de usuario. Si continúa navegando está dando su consentimiento para la aceptación de las mencionadas cookies y la aceptación de nuestra política de cookies, pinche el enlace para mayor información.

ACEPTAR
Aviso de cookies