Información sobre la salud y noticias de salud
Adinekoek autoantigorputz gehiago dute helduek baino
Arabako Unibertsitate Ospitaleko Barne Medikuntzako espezialista Saioa Eguiluz doktorea izan da protagonista Bilboko XLII. Medikuntza Astearen barruan aurreikusita zeuden hitzaldietako azkenekoan. EkitaldiaIMQ Zorrotzaurre Klinikako auditoriumean egin da, ‘Enfermedades sistémicas en el paciente mayor’ (Gaixotasun sistemikoak adineko pazienteetan) izenburupean.
Doktoreak adierazi duenaren arabera, “Frogatu dute autoantigorputzen —funtsean, autoantigorputz ez organoespezifikoen— prebalentzia handiagoa dela adinekoetan, 65 urtetik beherako pertsonetan baino. Esate baterako, antikardiolipina (aCL) deritzen antigorputzak ager daitezke —kantitate txiki edo ertainetan— 65 urtetik gorako pertsonetatik %51n; 65 urtetik beherakoetan, ordea, %2 baino gutxiagoan egon ohi dira”.
Adituak azaldu duenez, “horrek ez du esan nahi gaixotasun autoimmuneen prebalentzia handiagoa dutenik. Dirudienez, zahartzaroak berekin dakarren organismo-kaltetzearen aurreko erantzun immunologikoarekin lotuta dago”. Halaber, honako hau ere adierazi du: adineko pazienteetan antigorputz-maila handiagoa izateak, batzuetan, “lotura izan dezake jasotzen duten tratamendu farmakologikoarekin”.
Immunoseneszentzia
Eguiluz doktoreak, orobat, immunoseneszentziaren fenomenoa nabarmendu du. Azaldu duenez, “erantzun immunearen pixkanakako murrizketa da immunoseneszentzia; immunitate-sistemako osagai guztietan du eragina, eta zahartzaroan gertatzen den fenomeno naturala da”.
Zahartzaroaren ezaugarri horrek eragin nabarmena du “adinekoen morbilitatean eta heriotza-tasan; izan ere, infekzio-eritasunak eta minbizia agertzeko probabilitate handiagoa eragiten ditu.”
Gaixotasun autoimmuneak
Arabako Unbertsitate Ospitaleko Barne Medikuntzako medikuak esan duenaren arabera, “Gerta daiteke gaixotasun autoimmune sistemikoak paziente adinekoetan agertzea paziente gazteagoetan gaixotasun horiek izan ohi dituzten ezaugarriez bestelako ezaugarriekin. Gainera, nahiz eta bilakaera larbatuagoa izan ohi duten, batzuk larriak izan daitezke”.
Adituak adierazi duenez, baldin miopatia inflamatorioak edo sindrome antifosfolipidoa diagnostikatzen badira, “komeni da minbizirik dagoen egiaztatzea eta aukera hori baztertzea”.
Tratamendurik egokiena aukeratzeko orduan, “indibidualizatu beharra dago; gaixotasunaren eta pazientearen ezaugarriak aztertu behar dira, eta aintzat hartu komorbilitateak, polifarmazia, eragin kaltegarriak agertzeko arriskua eta abar”.
Tipologia
Adineko pazienteek izan ohi dituzten gaixotasun autoimmune moten artean bi nabarmendu ditu adituak: polimialgia erreumatikoa eta zelula erraldoien arteritisa. Bestalde, paziente gazteagoek izaten dituzten baina beranduago ager daitezkeen gaixotasun autoimmuneei dagokienez, honako hauek aipatu ditu: lupus eritematoso sistemikoa (LES), Sjögrenen sindromea, esklerosi sistemikoa, miopatia inflamatorioak,sindrome antifosfolipidoa eta ANCA (+) baskulitia.
You must be logged in to post a comment Login